XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atomozko izkilluak gutxitu

Izkillu zainketarako akorduak guda-tresnen norgeiagoka bear dute moteldu eta USA-URSS arteko burruka armatuaren arriskua gutxitu; baiña ortaz gaiñera, izkillu mugaketarako alegiñak ba-dituzte bear-bearrezko beste jomuga batzuk ere.

Adibidez, 1970`an nazioak atomo-leergaillua ugaritzearen aurkako akordua izenpetu zuten; orain, estrategi izkilluak gutxitzeko benetako akordu batek orduan emandako itza beteko luke.

Aldi artan, errien artean arrera ona euki naiez, nuklear laterriak gogo onez itz-eman zuten saiatuko zirala atomozko izkilluak gutxitzen.

Ala ta guztiz ere, guk eta sobietarrak geure atomo izkillutegiak ondo ornituz jarraitzen ba`degu, ez daukagu arrazoirik - nik uste - beste nazioak aurrera ere alako izkillurik gabe konformatuko dirala uste izateko.

Nuklear izkilluen ugaritzeak munduko pakeari dakarzkion arriskuak ikusi bearrean daude Laterri Alkartuak eta Sobiet Batasuna; izkillu oiek, izan ere, gobernu aldakor edo amorratu batzuen eskuetan jausi ditezke, edo nazio-barneko izulari taldeen eskuetan.

Ugaritze ori galerazi bearrak bizkortzen ditu oraingo beste alkar-izketa batzuk, nuklear leerketa guztiak debekatzeaz diardutenak, alegia.

Asmoa auxe da: nazio askoren artean, nuklear bonben leertze-saioak debekatuko dituan itun bat burutzea.

Laterri Alkartuak, Errusiak eta Erresuma Batuak proba oiek galerazteko alkar artzen ba`dute, beste erriak ere nuklear izkilluen arazoan sartzeko arriskua askoz txikiagoa izango da, noski.

Nuklear probak galerazteko akordua, gaiñera, estrategi izkilluai buruzko gure alkar-izketen osagarri izango litzake, nuklear izkillu mota berriak asmatzea zaillago egingo bait luke.

Izkilluen kontrolerako ar ditzaten zentzuzko arauak saiatu bearko dute arma berri ta izugarrietaranzko leiaketa baztertzen ere.

Ori dala-ta, Sobiet Batasunarekin beste itun batzuk eztabaidatzen jardun degu, kimika-izkilluak egitea ta gordetzea eta radiologi izkilluak asmatzea ta zabaltzea debekatuko duten itunak.

Mosku`rekin izketan ibilli gera Indiko Itxasoan izkilluak neurri on batera ekartzeko ar ditezken burubideetaz, baita oiturazko izkilluen sal-erostea nola zaindu diteken ere.

Eta uste degunez, laister itz egingo degu sateliteen aurkako izkilluak galerazteari buruz ere, kanpoko goi-uneetan guda sortu bait lezakete eta trabak jarri zainketa-akorduak benetan egiztatzeko.

Izkillu zainketaren saillean, eziñezkoa da epeak jartzea eta une berean, egindako itunak guretzat ongarri izan ditezela iristea.